DEIALDIA

Deialdia irekita.
Izena ematen duten lehen 50ak soilik izango dira onartuak!

Gallery Akaroko lehenengo deialdia jada irekita dago proiektuan interesaturik dagoen artista ororentzat.

 

Gallery Akaro, arte-galeria kontuetan aurki daitekeen azkenekoa da! ‘Gaur egungoa’ markan espezializaturik dagoen merkatuan bizia hartuko duen parasitoa.

Arte merkatuan orain nagusitzen diren arauak deseginaz eta rolak aldatuaz, Gallery Akarok ‘anti-galeria’ moduan erreakzionatzen du, arte-galerien eredu klasikoarekin apurtuaz. Gallery Akaro proiektuak, arte feriez elikatu beharra baitu bere buruan mantentzeko, hau da, fisikoki existitzeko, eta era berean artistei ateak irekitzen dizkio, hauek, Gallery Akaroren bidez susta daitezen. Proiektu nomada eta iragankorra da beraz, bere izatea edo izate fisikoa bederen, inguratzen eta elkar sostengatzen diren ferien eta arte espazioen menpe duelarik. Arte merkatuaren mainstreamaren murru eta defentsa guztiak zeharkatzeko gai den birusa sortu eta sustatzeko gai den parasitoen habia kritikoa da, proiektuan interesaturik dauden artista guztien arteko mahai-ingurua errazten duena.

Gallery Akaro, egungo arte merkatuarekiko kritikoa den komisaritza proiektua da, non komisarioek galeristaz mozorrotuaz eta estrategia ezberdinak bereganatuaz, proiektua esparru ekonomiko honekin erlazionaturik dauden arte espazioetan –hala nola, galeria edo eta ferietan- txertatuko duten, halaber, benetako diskurtso kuratorialak landuaz, gaur egun ere oraindik elitistak diren gertakizun hauetan inolako bereizkeriarik gabe edozein artistari parte hartzeko aukera zabalduaz, arte esparruan lan egiten duten agente ezberdinen arteko sare ezberdinak sortzeko aukerak bermatuaz, etab.

Proiektuaren izentzat ‘galeria’ hitza bereganatu dugun arren, bertan parte hartuko duten artisten lanak fisikoki erakusgai ipintzerik ez dugu ahalbideratuko, bai ordea bestelako agerpena (lan bakoitza bere fitxa teknikoa, egile eta azken honek balioetsitako prezioarekin batera), horretarako, argazki edo eta merkataritzako zein ekonomia arloko estrategia ezberdinen erabilerez baliatuko galerarik. Beraz, eta nahiz eta lan fisikoen presentziarik ez egon, arte lanen ikuspenen bermea emango genuke, normalean oso esklusiboak diren arte salmenta eremuetan zirrikitu bat irekiaz. Honela bada, Gallery Akarok berak, entitate bezala, ez die inolako arte lanik salduko zuzenean erosle posibleei, baizik eta soilik, eta jazo ezkero, interesatuen arteko bitartekaritza eta sustatzaile lana ahalbideratuko luke, beti ere, horren truke inolako komisiorik kobratu gabe.

Bestalde, nahiz eta Gallery Akaroren izaera nomada eta iragankorra izan, bloga eta facebookeko orrialdea izango ditu euskarri, non besteak beste, artisten lanak ikusgai eta salgai ipintzerik izango den (berriz ere, kontaktua soilik bermatuko genuke, salmentako prozesuan beste inolako paperik hartu gabe, hau, zuzenean artista eta eroslearen artean gauzatuko litzatekeelarik).

Proiektu berri honetan parte hartu nahi al duzu?

Aukeraketarako irizpidetzat inskripzio ordena soilik hartuaz, izena ematen duten lehen 50 artistek izango dute proiektu honetan parte hartzeko aukera.

OINARRIAK

  • Edozein artistak har dezake parte, baita oraindik ikasle direnek ere.
  • Gaia askea da.
  • Aurkeztutako lanak ez dute zertan originalak izan behar.
  • Gehienez artistako 4 lan onartuko ditugu.
  • Formatu eta tamaina guztietako lanak onartzen dira.

 

IZEN EMATEA

Izen ematea gauzatzeko bidali beharreko dokumentuak honakoak dira:

  • Egilearen Izena eta abizenak (izen artistikoa ere onartuko genuke)
  • Web orriaren edo eta blogaren helbidea, izan ezkero.
  • Arte lanen fitxa teknikoa: titulua, formatua, tamaina, materialak, urtea.
  • Aurkeztutako lan bakoitzaren argazkia bereizmen handian (JGP, gutxieneko bereizmena: 300 dpi). Deialdiaren onarpenak, Gallery Akaroren ordezkariei irudien erabilpen askerako eskubidea ematea dakar.
  • Egileak bere lanak merkaturatu nahi dituen prezioen zenbatekoa.
  • Akaro baten irudia (JPG, gutxieneko bereizmena: 300 dpi) (pertsonalizatua izan daiteke, eta izena edo eta titulua ere jar dakioke), irudiaren eskubide guztiak Gallery Akaro proiektuko ordezkariei luzatuaz*.

 

Izen ematea burutzeko, aipaturiko dokumentuak honako helbidera bidaliko dira: galleryakaro@gmail.com, gai moduan IZEN EMATEA_ABIZENA, Izena ipiniaz.

Izen ematea gauzatzeko epea, goian aipaturiko kantitatera iristean (50) amaituko da. Inolako zalantzarik edo galderarik izan ezkero proiektuaren edo deialdiaren inguruan, jar zaitez zuzenean gurekin harremanetan.

* Artistek buruturiko lan guztien artean Akaroak soilik izango dira fisikoki erakusgai ipiniak izan daitezkeenak, nahiz eta Interneten (Gallery Akaroren blogean eta facebookean) ere ikusgai egongo diren. Irudi hauek proiektuaren zati garrantzitsua osatzen dutenez, behin behienean, proiektua beraren logotipo moduan ere erabiliak izan daitezke.

 

Leave a comment